2013/01/22

6 urte bete ditu 7 Katuk autogestioa eta gazteen antolatzeko gaitasunaren ahalmena erakusten

Bidean zailtasun ezberdinak bizi izan baditu ere, 7 Katu Gatetxeak 6 urte bete ditu Alde Zaharreko zein Bilboko gazteei gune autogestionatu bat eskainiz. Gauzak horrela hilaren 23tik 29ra, egitarau zabala prestatu dute herritar ororekin urtemuga hau ospatzeko asmoz.


7Katuko webgunea ikusi

Urtarrilaren 13an 7 Katuren proiektuak 6 urte bete zituen. Gaztetxeko lagunek eskerrak eman nahi izan dizkiete bertara gerturatzen diren auzokide eta lagun guztiei 6 urte horiek euren laguntzarik gabe posible izango ez zirela argudiatuz.

Era berean, data esanguratsu honekin bat eginda gaztetxeko kideek Iñaki Azkuna alkateari bere “kartoizko eredu horri aurre egin eta bestelako Bilbo batean bizi ahal izateko lanean” jarraitzeko duten asmoa gogorarazi diote. Kukutza oraindik ere gogoan daukatela azaldu dute, baita Azkunak indargabetutako Patakon eta Uztaldi Gaztetxeak ere.

Bukatzeko azpimarratu dute ez direla asetzen, 6 urte hauetan “dena posible dela ikusi” baitute. Esperientziak gazteen indarra noraino heldu daitekeen erakutsi diela diote eta beraz, lanean jarraitzeko konpromisoa “ilusioz” hartu dute.

Urtemuga behar bezala ospatzeko egitarau zabala eskainiko dute urtarrilaren 23tik 29ra, eta besteak beste, kontzertuak, bakarrizketak, bazkariak, jolasak edota zine emanaldiak egongo dira.

Egitaraua:

Urtarrilak 13, asteazkena
19:00 Barrura Begiratzeko Leihoak + Hautsitako Leihoak

Urtarrilak 24, osteguna
19:30 Bakarrizketak
- Mikel Martinez
- Miren Gaztainaga
22:00 “Ingo al deu?” taldearen kontzertua

Urtarrilak 25, ostirala
20:00 Musikpoteoa Bilbo Zaharreko zubitik
21:30 Skasti Band + 7 Katu Sound Systemek girotutako saioa

Urtarrilak 26, larunbata
11:30 Umeen jolasak eta puzgarriak Plaza Barrian
13:00 Pailasoak Plaza Barrian
15:00 Bertso Bazkaria + Graffity´s Power
19:30 “Skandalue” elektrotxaranga
22:00 “Herri oihua” eta “Izargi” taldeen kontzertua

Urtarrilak 27, igandea
18:30 “27 urte Alde Zaharra okupatzen”
19:00 Antton kantautorea

Urtarrilak 29, astelehena
19:00 Korrika Kulturala Ines Osinagarekin (GOSE)