2014/12/09

Okupazioaren kontrako lege xedea eztabaidatuko da Senatuan

Heldu den asteazkenean eramanen da etxebizitzen okupazioaren kontrako lege xedea frantziar Senatura. Gaur egungo legediari bi aldaketa nagusi ekarriko lizkioke, horietarik bat delarik herriko auzapezari ematea Prefeta deitzeko ahalmena, etxebizitza bat okupatzen ari direnak kanporatu ditzan epaiketarik gabe.


Gaur egun etxe bat okupatzen delarik, etxearen jabeek okupatzaileak kanporatu nahi badituzte bi bide badituzte: “delitua” gertatu ondotik 48 oren aitzin kanporaketa galdetu dezakete eta okupatzaileek urte bateko presondegi zigorra eta 15.000 euroko isuna arriskatzen dituzte. Epe hori pasa ondotik, haatik, epaile batengana jo behar dute kanporaketa galdetzeko eta prozedura hori luzatu daiteke. Lege xedeak 48 oreneko epea (“flagrant délit” edo ageriko delitua mugatzen duena) 96 orenetara pasatzea proposatzen du batetik. Bestalde, bere herrian etxebizitza bat okupatua delarik auzapezak jabeekin harremanetan sartzea kausitu ezean, Prefeta deitu lezake azken horrek kanporaketa abian ezar dezan. Hori da lege xedeak proposatzen duen aldaketa nagusia.

Okupazioaren aldeko mugimenduak arranguratuak agertu dira, ohartaraziz Frantzia mailan “ezohiko krisia bizi dela etxebizitza mailan, 2,4 milioi etxebizitza huts daudenean eta miloika metro karratu bulego huts daudenean”.