2015/01/27

Zorionak Santutxu! Gaztetxe berriaz gozatu...

Alternatibak garatzeko espazio autogestionatu baten beharrari erantzuteko, urte luzez utzita egon den lokal da okupatu dute Bilboko Santutxu auzoko hainbat gaztek. “Gazteon bizitzen arlo desberdinen inguruan hausnartu eta lan egingo dugu proiektu berri honetan”, adierazi dute. Oraingoz helbidea publiko ez egitea erabaki duten arren, hurrengo egunetan hasiko dira auzolanaren bidez lokalaren txukuntzen. “Amets kolektiboa” aurrera eramateko, ezinbestekoa iruditzen zaie auzotarrek parte hartzea, eta Santutxuko gazte guztiak deitu dituzte ekarpena egitera.

2013ko ekainean ere egin zuten gaztetxea okupatzeko saiakera, baina gaizki atera zitzaien. Gazte asanbladaren 20. urteurrenaren ospakizunaren baitan gauzatu zuten okupazioa, baina egun gutxira udaltzainek eraikineko sarraila aldatu zuten, jabearen salaketa medio. Gazteek erantzun irmoa eman zioten gertaerari, eta alternatibak garatzeko espazio autogestionatu baten bila jarraitu dute.

Santutxuko Gazte Asanblada sortu zenetik, Sorgintxulo, Lakomi eta Uztaldi gaztetxeak izan dira auzoan (aurretik beste bat egon bazen ere). Azkena, Uztaldi, 2012ko irailaren 28an hustu eta hormatu zuen poliziak.

[Uriola.eus] Agerraldiko bideoa:

2015/01/20

Kukutza defendatu zuten 23 lagunen kontrako epaiketa salatzeko protestak

Urtarrilaren 28, 29 eta 30ean, 23 pertsona epaituko dituzte Kukutza gaztetxea hustu eta eraitsi zutenean izandako liskarrengatik. Ustezko usurpazio delituagatik 960 euroko isuna eskatzen diete eta haietako bati, hiru urte eta egun bateko kartzela zigorra. Epaiketa salatzeko protesta ezberdinak deitu dituzte.


Hilaren 28an eta 29an, elkarretaratzeak deitu dituzte 08:30ean, Buenos Aires kaleko 6. zenbakian dagoen epaitegiaren aurrean. Bestalde, urtarrilaren 30ean, 20:00etan, manifestazioa abiatuko da Sabin Etxetik eta Kukutzako banderolak eramateko deia zabaldu dute antolatzaileek.

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak jakitera eman duenez "gaztetxea defendatu" zuten 23 lagun izango dira epaituak; baita "Kukutza III gaztetxea eta okupazioa" bera ere. Guztiek, 960 euroko isunari aurre egin beharko diete eta beste batek, hiru urte eta egun bateko espetxe zigorrari ustez, poliziaren aurka harriak eta beste zenbait gauza botatzeagatik, eraikinean gora zihoazela.

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak gogora ekarri du ere, Kukutzaren desalojo eta eraistearen karietara, beste 20 pertsona epaitzekoak direla. Haien esanetan, "Kukutza defendatzea dute delitu bakarra eta orain arteko epaiketek, gainera, poliziaren bortxakeria eta muntaia agerian utzi dute".

Errekaldeko gaztetxea 2011ko irailaren 21ean hustu zuten. Ertzaintza eta auzotar zein hiritarren arteko liskarrak hiru egunez luzatu ziren auzoko kaleetan, irailaren 23an eraikina eraitsi zuten arte. Cabisa enpresak gaztetxea hustea eskatu zuen, eraikina eraitsi eta etxebizitzak egitearren eta Bilboko Udalak hustu eta eraisteko baimena eman zuen.

2015/01/13

Zorionak 7katu! 8 urte laberintoak begiesten

Pasa dira jadanik 8 urte. Larunbat goiz hartan, Alde Zaharreko kaleetan aldaketaren melodiaren lehen notak entzuten hasiko ziren. Eta ez, egun hartan albistea ez zen korporazio handi batetako komertzio berri baten irekiera. Oraingo honetan ez, oraingo honetan auzoko gazteak izango ziren protagonista.


7kaleetatik barrena, doinu alai horren jatorrira gidatzen zuen bideari jarraituz, Solokoetxeko eskaileretatik gora, bandera laranjak eusten zituzten gazte multzo batek betetzen zuen plazatxoa. Antzerki xume baten amaierak emango zion hasiera proiekturi. Auzoak lokal autogestionatu bat izateko zuen beharra asetuko zuen atea ireki zen.

Egun hartatik gaur arte, 11 izan dira ate hori zeharkatu eta melodiaren notak konposatzeari ekin dioten gazteak. Zenbatu ezinak egindako kontzertuak, pankartak, asanbladak edo juergak. Gorabeherak izan baditu ere, Bilbo ezberdin bat sortzeko egindako borrokak ez du etenik izan eta auzolanaz eta ilusioz helburu denak lortzen direla jakin badakigulako, egindako ibilbide luzeaz harro egoteko moduan gaudela jabetzen gara gaurko honetan.

Gaur deskantsu txiki bat hartuko dugu, egun batez atzamarrak teklatutik altxatuko ditugu, arnasa hartu, elkarri zorionak eman eta iraganean bizitakoak gogora ekarriko ditugu. Baina bihartik aurrera lanean jarraituko dugu, hile honen bukaerarako prestatzen hasi garena ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.

Urtarrilaren 29, 30, 31 eta otsailaren 1ean, urtero data hauetan egiten dugun bezala Gaztetxea kulturaz, musikaz eta irribarrez beteko dugu. Badugu eta zer ospatu, 8 urte ez dira egunero betetzen, 8 urte kapitalak agintzen duen Bilbo honetan bizirauten, 8 urte zirrikituetatik barrena, 8 urte laberintoak begiesten.

www.7katugaztetxea.com

2015/01/07

Bueltan gatoz!

Merezitako oporrak disfrutatzen saiatu gara, baita batzuek lortu ere!
Halere ezin gara zu barik bizi, beraz baieztatu genuen bezela bueltan izango gaituzu bariku honetan, hilak 9.

Bulego fisikoaren kokapena eta ordutegia betikoa izango da:

Barikuero
18:00etatik 20:00etara
Ekoetxean (Pilota kalea 5)

Hor elkar ikusiko dugulakoan, egurre!


Hemos intentado disfrutar de unas merecidas vacaciones, y algunas hasta lo hemos conseguido!
Aúnque no podemos vivir sin vosotras, por lo que tal y como afirmamos en su dia volveremos a partir de este viernes 9.

La oficina fisica estará donde siempre y con el mismo horario:

Todos los viernes
De 18:00 a 20:00
En la Ekoetxea (c/Pelota 5)

Nos vemos alli...
Duro y a la encia!

Urtarrilaren 16tik 18ra Errekaleorrera joatera deitu dute, auzolanean parte hartzera

Gasteizko Errekaleor auzo okupatuko kideek Euskal Herriko gazte oro deitu dute urtarrilaren 16tik 18ra egingo duten auzolanean parte hartzera. Jakinarazi dute parte hartzen dutenek lotarako lekua izango dutela bertan, eta eskatu dute horretarako asmorik izanez gero mezu bat idaztea info@errekaleorbizirik.org helbidera.

Asteburua baino lehen, baina, hainbat ekintza egingo dituzte. Urtarrilaren 12an, astelehena, errepresioa eta inpunitatearen inguruko jardunaldia egingo dute. Dokumental baten proiekzioa, mahai ingurua eta solasaldia antolatu dituzte. Horrez gain, jaialdi bat ere egingo dute ostegunean Gasteizko gaztetxean.