2012/09/27

Kukutzaren hustean atxilotutako lagunen aurkako lehen epaiketa egin dute

Auzipetuetako bost absolbitu egin dituzte eta beste bosti 180 euroko isuna jarri diete. Iazko irailaren 21ean gaztetxearen aurkako protestetan Gordoniz kalean egindako eserialdi baketsuan parte hartzeagatik epaitu dituzte.


Iazko irailean Kukutza Gaztetxearen aurkako huste eta eraistearen aurka izandako protestetan atxilotutako lagunen aurkako auziak epaitzen hasi dira dagoeneko. Gaur auzipetutako 75 lagunetako 10 lehenak epaitu dituzte Bilboko epaitegian.

Iñaki Carro gaur epaitu dituzten 11 lagunetako 10en abokatuak –bestea adin txikikoa da- adierazi duenez, gaurko saioan epaileak hartutako erabakia ikusita argi geratu da hasiera batean istilu larritzat aurkeztutako gertakariak ez zirela horren larriak izan.

10 lagunetatik bost absolbitu egin dituzte haien aurkako frogarik aurkeztu ez dutelako edo akusazioak aurkeztutako argudioek “indar eta zehaztasun gutxi zutelako”.

Gainerako bostei, berriz, 180 euroko isuna ezartzeko eskatu du akusazioak. Horietako bi laguni gainera, lesio falta bat egotzi diete ertzainei jo egin zietelakoan. Halere, Carrok esan du defentsak aurkeztutako grabazio eta argazkietan argi ikusten dela kolpatuak izan zirenak akusatuak eurak direla.

Izan ere, gaurko saioan epaitutako lagunei 2011ko irailaren 21ean Kukutzaren hustearen aurkako protestetan Gordoniz kalean egindako eserialdi baketsuan parte hartzea egozten diete. Abokatuaren esanetan, “istiluak larriak izan zirela esan daiteke bai, baina Ertzaintzaren jokaeragatik eta bortizkeriagatik”.

“Surrealista izan da fiskalak leporatutakoak entzutea eta ondoren gure bideoak eta argazkia ikustea”, adierazi du Karrok.

Guztira 75 lagun baino gehiago epaitu behar dituzte datozen hilabeteotan iazko irailean Kukutza Gaztetxearen aurkako operazioan izandako protesten eta istiluen harira.

Gertatutakoaren bideoa:


Iturria: Bilboko Branka