2014/06/04

Gaztetxe berria aurkeztuko dute zapatuan Barakaldon

Barakaldoko Gazte Asanbladak jakinarazi du ohar baten bidez gaztetxe berria okupatu dutela eta larunbatean izango den okupazioaren aldeko kalejiran parte hartzera deia luzatu dute, 18:00etan Bide Oneran. Kalejira honen bidez herriari aurkeztuko diote gaztetxe berria.



Okupazio honen helburuak bi dira: alde batetik sistema kapitalistaren dogma handienetarikoa den jabetza pribatua kolokan jartzea eta salatzea geroz eta lokal huts gehiago dauden bitartean gazteak kalean daudela. Beste alde batetik gazteek antolakuntzarako eta autonomiarako espazioa sortu kritikotasuna eta aisialdi alternatiboa bultzatzeko.

Hona hemen Barakaldoko Gazte Asanbladaren oharra:

Okupazioa bide dugu, hori da Barakaldoko gazteoi gelditzen zaigun aukera bakarra.
Behin ta berriz aditzera eman dugu aurrean aurkezten zaigun errealitateak gure ametsak itotzen dituela, bere espekulazio eta ustelkeriarekin.

Sistemak, bere burua zilegitzat hartzeko, lege eta arauak sortzen ditu, baina, nahiz ta mezu horrekin aho beteriko diskurtso ponpoxoak bota, gazteon egunerokotasuna guztiz kontrakoa da, non dagozkigun ustezko eskubide horiek ukatuak ditugun: etxebizitza eskubidea ikusezina da, lan duina utopia bat bezala planteatzen zaigu eta edozein aisialdi ekintza diru xahuketa bat da.

Baina, honen aurrean gazteok ez daukagu inolako asmorik beso gurutzaturik gelditzeko, gure baitan neurriezina den gazte indarra daukagulako eta horrek mundu berri eta zuzen batekin amestera eramaten gaituelako.

Argi eta garbi ozen oihukatu nahi dugu ez garela euren kontsumismo edo jai ereduarekin asetzen ezta euren kudeaketa sozioekonomikoarekin bat etortzen. Sistema kapitalista honen oinarri diren zutabeak herdoilduta daude, eta goitik behera berreraikiak izan behar dira, egungo egoera irauliz.

Gure helburuen bidean, espazio aske baten beharra ezinbestekotzat jotzen dugu eta hona hemen okupaturiko gaztetxe berria, zein gazte ametsen eta antolakuntzaren sustatzaile bilakatuko da.

Ekintza honek funtzio bikoitza dauka, batetik asanbladak sistema kapitalistaren dogma handienetariko bat kolokan jarri nahi izan du, jabetza pribatua, hain zuzen, zeinek lokal abandonatuak hautsa pilatzen jarraitzea bermatzen duen, gazteok kale gorrian eta gune askerik gabe gauden bitartean. Eta bestetik, gazte antolakuntzaren eta autonomiaren gunea bilakatzea, non kritikotasuna eta aisialdi alternatiboa garatuko dugun guztion artean.

Hortaz, dagokiguna eskuratuz eta gure eskubideak aldarrikatuz, Barakaldoko Gazte Asanbladak, bere 8. urteurrenean, herriko gazteriari honako espazio hau eskaintzen dio, guztion artean, autogestioaz eta arduraz, mundu berriaren haziak landatu ditzagun.

Honen bidean, azpimarratu nahi dugu asanbladak irekiak eta anitzak direla, eta gaztetxea gazteriaren ahotsa izan nahi duen heinean, ahalik eta gazte gehien parte hartzea berebiziko garrantzia daukala, gazteok gure baitan ditugun kolore ezberdinez bertako hormak margotu ditzagun.

AURRERA GAZTEAK! GARAIPENERA!

BORROKA DUGU BIDE TA AMETSAK HELBURU!

GORA BARAKALDOKO GAZTERI ERREBELDE ETA KRITIKOA!

GORA BARAKALDOKO GAZTE ASANBLADA!