2014/12/12

Dendarikaleko Maison 13 etxe okupatua hustu du Ertzaintzak

Goizeko 09:30ak aldera hasi zen atzo Ertzaintza Zazpikaletako eraikina husten. Barruan 8 lagun zeuden eta horietatik 4, balkoietan binaka kateatu ziren. 14:00ak aldera lortu zuten gazte guztiak ateratzea eta eraikina hormatzeari ekin zioten. Goiz osoan, Dendarikale inguratzen duten kale-kantoi guztietara jendetza hurbildu zen Maison 13n zeuden gazteei babesa helaraztera.



Lau orduz erresistentziari eutsi ondoren, 14:10ean, Maison 13 etxe okupatua hormatzeari ekin zioten. Goizeko 09:30ak aldera, sare sozialen bidez eman zuten abisua bertako lagunek; Ertzaintza eraikinaren kanpoaldean zegoen. Gutxira, inguruko kale-kantoiak jendez betetzen hasi ziren "Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia" bezalako oihuen artean.

Eraikinaren barrualdean 8 lagun zeuden hasieratik. 10:45ean, lehenengo lauak kaleratu zituzten eta gainontzekoak, binaka, kateaturik egon ziren goiz osoan, hirugarren eta laugarren solairuetako balkoietan. 11:45ean, hirugarren solairuan zeuden bi gazteak kaleratu zituzten; haiengana heltzean, eskumuturrak lotzen zizkien katea askatu egin baitzen. Beste biek, 14:00ak arte iraun zuten kate eta plastikozko tutu batekin, balkoi batetik bestera, eskuak lotuta. Hauek askatzeko, segurtasun indarrek suhiltzaileen laguntza behar izan zuten. Maisoneko sare sozialetan jakin denez, Alkatetzatik jaso zuten bertaratzeko agindua suhiltzaileek; hala ere, aginduari ezezkoa eman zioten eta ondorioz, espediente bat irekitzeko mehatxua egin zietela azaldu zuten.

Dendarikalera heltzean, suhiltzaileek, katerik moztuko ez zutela argitu zuten beraien lana pertsonak zabaltzea delako eta ez ploiziarena egitea, baina azkenean balkoian kateatutako lagunek eskatu zutenez, egitea erabaki zuten. Bi gazteek ordu asko eman zituzten bertan hotza eta poliziaren jarrera bortitza jasatzen, hori da suhiltzaileek askatzeko nahiaren arrazoia.

Azken bi lagunak eraikinetik aterata, liskarrak sortu ziren Alde Zaharreko kaleetan. Poliziak 10 lagun inguru identifikatu eta pertsona bat atxilotu zuen.

Arratsaldeko 18:00etan manifestazioa burutu zen Etxebarrieta plazatik Maison 13ren hustea salatzeko. 150 bat pertsonek desadostasuna azaldu zuten.