2018/05/25

La Oficina per l'Okupació de Karcelona publica un nuevo Manual de Okupación

La Oficina per l'Okupació de Karcelona publica el volumen 1 del nuevo Manual de Okupación, al que ha llamado "Despegando". En el explican conceptos para iniciarse en la okupación. Aspectos prácticos, físicos y organizativos a tener en cuenta.
Además, están trabajando también en un segundo volumen centrado en la autogestión de la defensa legal.

Un buen trabajo de referencia que nos comparten desde Catalunya.

Para ver y/o descargar pincha aqui   

2018/05/24

Irala auzoak gune aske berria lortu du okupazioaren bidez, Itsaspeko Gaztetxea

Larunbatean, maiatzak 19, okupatu zuten Iralako gazteek Eskurtze Plazan dagoen lokala. Asteazkenean, ordea, asanbladako kideak lanean zeudela, jabea agertu eta "kolpeka" hasi da polizia agertu arte. Gunea babesteko asmoarekin bertaratzeko deia egin zieten herritarrei.


2011az geroztik, hainbat saiakera egin dituzte Iralako gazteek lokal bat lortu ahal izateko, Bilboko Udalak gazte lokala kendu baitzien gazteei. Egoera honen aurrean, duela urtebete Irola Irratiak biltzeko espazio bat eskaini zien, baina gazteek argi zuten lokal baten beharra zutela. Hori dela eta, maiatzaren 19an Eskurtze Plazan dagoen lokal bat okupatu zuten, hamabost urtez hutsik egon dena.

Hala ere, gaur goizean lokalaren jabea azaldu dela adierazi dute gazte asanbladako kideek, jarrera "bortitza" erakutsiz eta ateko kristala apurtuz. Udaltzaingoa ailegatu eta gertatu dena azaldu diote.

Gazte asanbladako kideek azaldu dutenez, Bilboko zenbait gazte joan dira laguntzera. Horrez gain, erresistentzia txandak antolatu dituzte, herritarrei lokala babestera joateko dei eginez.

Gune aske berri bat dago, beraz, Bilboko Irala auzoan, eta Itsaspeko Gaztetxea izendatu dute.
Asko dira jasandako "Ongi Etorri"ko mezuak, Gazte Asanbladen Sarea-koa adibidez:

2018/05/17

Mungiako Errota gaztetxearen I.urteurrena ospatuko dute maiatzaren 17tik 19ra

Udalaren erabakien eta Ertzaintzaren galarazpenen ondorioz, hainbat hilabetez itxita egon zen Mungiako Errota gaztetxea. Hala ere, 2017ko maiatzaren 26an zenbait gazte eraikinean sartu ziren, gaztetxea berreskuratzeko asmoz.

Ia urtebete igaro dela eta, Errota gaztetxearen I.urteurrena ospatuko dute maiatzaren 17tik 19ra bitartean. Bertso saioarekin ekingo diote urteurren festari. Etxahun Lekue, Beñat Gaztelumendi, Lourdes Ondaro eta Ibon Larrazabal arituko dira bertsotan. Ostiralean berriz, mahai ingurua egongo, gaztetxe desberdinen esperientziak ezagutzeko aukera eskainiz.

Maiatzaren 19a, larunbata, izango da Mungiako gaztetxearen urteurreneko egun handia. Tailerrak, bazkaria, jokoak eta kontzertuak egongo dira egun osoan zehar.

Errekaleor: "Bizitza hautatu genuen"


2018/04/24

Okupazioari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Urretxu-Zumarragan maiatzaren 4 eta 5ean

Okupazio esperientziak trukatzeko aukera eskainiko dute maiatzaren 4ean eta 5ean Urretxu-Zumarragako gaztetxean antolatu dituzten Okupazio Jardunaldietan. Ostiral eta larunbat arratsaldez hainbat hitzaldi, mahai-inguru, tailer, afari eta gaualdiz gozatzeko aukera eskainiko dute.

2018/04/23

Gasteizko gaztetxearen 30. urteurrena: anekdotaz jositako ibilbidea

Hona hemen EITBko "Gertutik" saioan egindako erreportai laburra.
Bertan, Gasteizko Gaztetxeko 30. urteurrenaz aparte, gaztetxeei buruz hitz egiten dute.

Bideoa ikusteko KLIKATU HEMEN

2018/04/17

Gernikan okupatutako eraikineko sarrailak ilegalki aldatu dituzte jabeek, Ertzaintzak lagunduta

Eraikin okupatuan identifikatuta zeuden sei gazteetatik bi atxilotuta eraman dituzte ertzainek Gernika-Lumoko komisaldegira, gaur arratsaldean. Egurre Gazte Asanbladaren kideek “indarkeria erabilita” eramatea egotzi diete.


Gazteek oraindik ez dakite zergatik atxilotu dituzten haien kideak. Gazteen abokatuaren berbetan, gaur jazotako guztia “legezkanpokoa eta oso arraroa” da.

Gazte Asanbladako kideek bizilekua bortxatzeko delitua egitea egotzita salatu dituzte gaur okupatutako eraikinaren jabeen senideak, Okupazio Bulegoaren abokatuen bitartez.

Orain hiru aste okupatu zuten Azokakale kaleko eraikinera sartu dira goizeko 11:00etan ertzainak, eraikineko jabeen senide bategaz eta segurtasunaz arduratzen den enpresa bateko langileagaz. Bertan, okupa modura bizitzen dauden Gazte Asanbladako hiru kide identifikatu dituzte. Aurretik beste hiru zeuden identifikatuta.

Eraikineko jabeen senitarteko bategaz heldu dira goizean ertzainak eraikinera, eta etxebizitzako sarrailak aldatu dituztela jakinarazi dute asanbladako kideek. Gainera, kamerak eta alarmak jarri dituztela gehitu dute bertara hurbildutako gazteek.
Ertzainak eraikinaren kanpoaldean

“Inolako azalpenik eman gabe” sarrailak aldatzen hasi zirela aitortu dute asanbladako kideek: “Eremu publiko bateko eraikin pribatu batean daudela esan die ertzainek barruan zeudenei, besterik gabe”. Eta, hirugarren solairuan “soilik” bizi direla argudiatuz, beste pisu guztietako sarrailak aldatu dituztela jakinarazi dute gazteek.

Gertatutakoaren aurka agertu dira gazteak, eta eraikina “bere osotasunean” erabiltzen dutela adierazi dute: “Hirugarren solairua soilik okupatuta dagoela argudiatu dute ertzainek, baina argi dago hori ez dela horrela. Janaria, hozkailua, edota bertako gazteen objektu pertsonalak pisu guztietan egon dira”.

Gainera, “blokera sartzen diren pertsona guztiak” identifikatuko dituztela esan die ertzainek gazteei. “Eraikinera sartuz gero, jabeak bertan egotea nahi ez duten pertsona modura identifikatuko gaituzte”, azaldu dute Gazte Asanbladakoek.

Gertatutakoaren aurrean, goizean, epaitegira joan dira asanbladako kideak, eta “eraikina okupatu eta geroko zapatuan, ertzainek egin zuten atestatuaz gain, ez dagoela salaketarik” esan diete epaitegian.

Horregatik erabaki dute salaketa jartzea; izan ere, “legez kanpo” eta “irregular” moduan deskribatu dute gertatutakoa. “Gu hemen bizi gara, ez dago gu hemendik irtenarazteko agindu judizialik; guztiz irregularra da gertatutakoa. Ilegala da egin duten guztia”.

Bi aldeetako abokatuak elkartu dira eguerdian akordio batera ailegatu nahian, baina “akordioa jabeen alde egitea zenez”, salaketa jartzea erabaki, eta horrela egin dute arratsaldean.

Gernika-Lumoko eraikina okupatu zutenetik identifikatutako Gazte Asanbladako sei gazteak “usurpazio delitua” egotzita salatu ditzakete.

Hala ere, gazteen arabera, jabeen senide eta abokatuak ustez egindako delitua “gogorragoa” da beraiek egin dutena baino.

Okupek eraikin barruan jarraitzen dute, eta borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Eta epailearen agindurik ailegatu ezean, bertan bizitzen jarraituko dutela adierazi dute.

EZTENA proiektuko prentsaurrekoa:

2018/04/09

Estamos de BUELTAN GATOZ!!!

Merezitako atzedena hartu eta gero, bueltan itzuli gara ahal beste gerra emateko asmoz.
Beraz, prest gaude zuen zalantza guztiak argitzen saiatzeko eta behar duzuen guztian laguntzeko!
Ostiral honetan, apirilak 13, zuen zain izango gaituzue jadanik...

Betiko lekuan eta betiko ordutegian izango gaituzue:

Ostiralero
18:00etatik 20:00etara
Ekoetxean (Pilota kalea 5 - Bilbo)


Tras un merecido descanso, estamos de vuelta con la intención de dar toda la guerra que podamos.
Asi que, estamos preparadas para intentar aclarar todas las dudas que tengais y ayudaros en todo lo que podamos!
Este viernes 13 de abril estaremos ya a vuestra disposición...

Estaremos en el sitio y en el horario de siempre:

Todos los viernes
de 18:00 a 20:00
En la Ekoetxea (c/ Pelota 5)

2018/03/24

Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak egingo dituzte apirilaren 20tik 22ra

Kaixo gazte, badatoz Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak!

Hamarkadaz hamarkada gure herri eta hirietako espazio okupatuen defentsan ibili gara, proiektu ezberdinak atera ditugu aurrera eta elkarrekin artikulatzeko eta koordinatzeko saiakerak anitzak izan dira iraganean. Egun, ordea, orain gutxi arte, bazirudien gero eta gehiago belaunikatzen joango ziren belaunaldiak izango zirela zetozenak, gureak. Edo are, atomizatuak eta apolitikoak. Guretzat gordeta zeukaten erabateko noraez horri aurre egin eta eduki zehatz batzuen inguruan gaztetxe eta gazte asanbladok topo egiteko beharra ikusi dugu. Ez gaituzue geldituko!

Apirilaren 20, 21 eta 22an ospatuko ditugu topaketok Abadiñoko Zelaieta auzoan eta herriko azpiegitura ezberdinak erabiliko ditugu lotarako (ez ahaztu zakua eta esterila) dutxatzeko eta ekimen ezberdinak egiteko.

Gaztetxe eta gazte asanbladoi, zuenetik etorriko den jendearen estimazio aproximatiboa egin eta ondoren azaltzen den e-mailera bidaltzea eskertuko genizueke, otorduak antolatu eta azpiegiturari dagokionean sor litezkeen balizko arazoak konpontze aldera. Gutxi gorabeherako kalkulu bat egin eta bakoitzak 10€ jarrita topaketen finantzaketari aurre egingo diogula ebatzi dugu. Dena den, kontziente gara ikasle langile denok ez daukagula 10€ nola hala xahutzerik, beraz, hala nahi duten taldeek ordainketa kolektiboki egin ahalko dute, beti ere jende-estimazioarekin bat datorren zenbatekoa jarriz. Inork janariarekin berezitasunik (begetarianismoa, alergiak...) baleuka ere jakinarazi iezaguzue.

Bestalde,antolatzen parte hartu nahi duzuela edo beste edozer dela ere idatzi lasai! Laister ikusiko dugu elkar!
E-maila: abagaztetxie@gmail.com

2018/03/23

ITXITA // martxoak 30-6 abril // CERRADO

Udaberriko ekinozioa hor bertan dago, eta oporrak hartzeko garaia izaten da guretzat.
Beraz, martxoaren 30ean eta apirilaren 6an bulegoa itxita egongo da.

Gauzak horrela, martxoaren 23a zabalik egongo den azkenengo eguna izango da.
Hala ere lasaitasuna mantendu... apirilaren 13an bueltan izango gaituzu berriz ere, pilak kargata betiko ordutegi eta lekuan:

Barikuero 18:00-20:00
Ekoetxean, Pilota Kalea 5
Bilbo

Egongo gara!!!




El equinoccio de primavera esta aqui mismo y lo solemos utilizar para descansar un poquito.
Por tanto, la oficina estará cerrada el 30 de marzo y el 6 de abril.

Asi que el último dia de atención será el 23 de marzo.
Pero que no panda el cunico... el 13 de abril nos tendrás de vuelta para lo que necesites, en el horario y lugar de siempre:

Todos los viernes 18:00-20:00
Ekoetxea, Calle Pelota 5
Bilbo

Nos vemos!!!

2018/01/30

Badator GASek antolatutako Okutourra!

Otsailaren 3tik apirilaren 28ra bitartean, okupazioaren inguruan, hausnartu, pentsatu eta jarduteko hainbat hitzordu jarri ditu Bilboko Gazte Asanbladen Sareak.

ERAIKI NAHI DUZUEN INFERNU HONETAN GU SU GARA ETA ZUEK ERRAUTS !

2018/01/29

Aste politiko-kulturala egingo dute Bilboko 7katu gaztetxean martxoaren 12tik 18ra

Martxoaren 12an, astelehena, hasiko da Bilboko 7katu gaztetxean aste politiko-kulturala. Euskara sustatzeko erronkez arituko dira lehenengo ekimen honetan. Arratsaldeko sei t'erdietan hasiko da eta gonbidatu bereziak egongo dira. Hala ere, gainontzeko egunetan ere hainbat ekintza egongo dira, igandera arte luzatuko baita egitaraua.

Hitzaldiak, dokumentalen proiekzioak edo aisialdiari lotuta, bertso erronda dinamikaren finala antolatu dituzte datorren astean. Martxoaren 18an, igandea, emango diote amaiera asteari. "Sitio distinto" dokumentalaren proiekzioa eskainiko dute.

2018/01/12

7Katu gaztetxearen 11. urteurrena egingo dute urtarrilaren 22tik 28ra

11 urte beteko ditu laster Bilboko Alde Zaharreko 7Katu gaztetxean eta Hamaika urte eta hau ez da hamai(ka)tu lelopean aste osorako egitaraua prestatu dute urtarrilaren 22tik 28rako. Besteak beste hitzaldiak, dokumental emanaldiak, kontzertuak, bertso saioak eta asteburuan egun osoko ospakizunak egingo dituzte 11.urteurrena ospatzeko. Astean zehar, bestalde, 7Killo azoka izango dute gaztetxean.

Larunbateko bazkariko txartelak Adaxkan eta Errondabiden erosteko aukera egongo dela jakinarazi dute.

EGITARAUA:

2018/01/08

Kalezulo gaztetxea desalojo arriskuan dagoela jakinarazi dute

Hainbat epaiketa eta borrokaren ostean, prozesua amaierara iritsi da. Erandioko Kalezulo gaztetxea desalojo aginduaren zai geratu dela jakinarazi dute gaztetxeko kideek sare sozialen bitartez.


"Kalezulo gaztetxea desalojo aginduaren zai geratu da, prozesamendu zibilaren bukaera eman delarik", azaldu dute gaztetxeko kideek euren sare sozialetako kontuetatik. Momentu honetatik aurrera gaztetxearen etorkizuna ez dagoela batere garbi adierazi dute: "ziurrenik, sei urtez Erandio zein inguruetako birika izan den gazteontzako espazio aske hau itxiko dute epe oso motzean".

Kalezulo gaztetxearen oharra:

Badira sei urte baino gehiago Kalezulo proiektuaren inguruan, Erandioko hainbeste gazte batu eta gaur egun gaztetxe den eraikina okupatu eta biziberritu genuenetik. Ordutik, egindako lan izugarriaren ondorioz, gaztetxea herriko eta inguruko erreferente bilakatu dugu guztion artean. Herritik proiektu ezberdin asko sortu dira Kalezulon eta Euskal Herriko gaztetxe handienetarikoa izanik, erandioztarrek antolatutakoaz gain, asko izan dira gaztetxea bere egin eta erabili izan duten elkarte, kolektibo eta talde ezberdinak. Honengatik guztiagatik, gaztetxea hasieratik jarraitua izan da, bere ibilbide osoan zehar: legez kanpoko kaleratzea, kideen jarraipen polizialak, udaletxearen presio eta gezurrak, prozesu administratibo eta penalak, isun handien mehatxuak…etab. Baina hasieratik, konpromisoz eta sormenez, auzolanean aurrera egin dugu.

Oraingoan gainera datorkiguna epaitegi zibilaren desalojo agindua da. Aurrekoetan ez bezala, ez daukagu bide judizial honetan inguruko esperientzia gehiegirik eta legalki aurre egiteko ez gaude hain prestatuak, nahiz eta, Bilboko okupazio bulegoaren lana beti bezain fina izan den. Gora zuek eta mila esker! Hala ere, gure ahalegin guztiekin jarraituko dugu gaztetxea defendatzen eta hurrengoentzako esperientzia baliagarriak sortzen.

Elkartasuna eta auzolana dugu eta izaten jarraituko dugu aurrera egiteko! Borroka da bide bakarrra!

Denok okupatu behar dugu zerbait gutxi batzuek denarekin espekulatu ez dezaten!